miércoles, 21 de enero de 2009

Bigarren Errepublika, Autonomiako Estatutua eta Gerra Zibilari buruzko testuak

Testu historiko baten iruzkina
.................................................................


Testu historikoak historialariek euren lanerako erabiltzen duten iturria dira. Dokumentuetan garai zehatz bateko errealitatearen zati bat dago irudikatuta eta testu horien azterketa oinarrizkoa da historia ezagutzeko.


Testu historiko baten iruzkina ondo egiteko hainbat eragiketa
egin behar da: sailkatu, aztertu eta iruzkina egin.

1. Testuaren sailkapena
Testu historikoa adi-adi irakurri ondoren sailkatu egin beharko da modu labur eta soilean, ondorengo alderdiak azpimarratuz:

- Testuaren gaia. Testuak mota askotakoak izan daitezke: juridikoak (legeak, dekretuak, konstituzioak, tratatuak, itunak, kontratuak, etab.), dokumentalak (erroldak, katastroak, erlazio estatistikoak, etab.), lekukotasunezkoak (memoriak, autobiografiak, karta pertsonalak, etab.), narratiboak (lan literarioak, iritzi-artikuluak, kazetaritza-testuak, etab.) edo historiografikoak (egile batek gertaera bati buruz, gero egindako azterketa).
- Egilearen identifikazioa. Testuaren egilea identifikatzea beharrezkoa da egilea bera garrantzitsua denean edo testua hobeto ulertzeko. Dokumentuan egilearen izena ageri ez baldin bada, ahal den neurrian, nor den ondorioztatzen saiatuko gara testuak eskaintzen dituen arrastoetan oinarrituz, Testuak egile bat baino gehiago baldin baditu adierazi egin beharko da, edo testua inpertsonala edo anonimoa baldin bada. Gainera, egilearen subjektibotasuna edo alderdikeria nabarmena denean, egilearen ezaugarri biografikoak garatzea beharrezkoa izango da; kasu honetan, sailkapenaren atalean nahikoa izango da egilearen aipamen laburra egitea eta ezaugarri biografikoak iruzkinean
garatzea.
-Testuaren xedea eta helburua. Testua nori zuzenduta dagoen adierazi behar da eta dokumentuak zer-nolako helburua duen.
- Testuaren kokapena denboran eta espazioan. Azkenik, testua espazioan eta denboran kokatzea beharrezkoa izango da.
Batzuetan data zehatzak ez du garrantzirik, baina testua zein garai historikotan kokatzen den adierazi behar da beti.





2. Testuaren azterketa
Zati honetan testua berriro irakurri beharko da oso adi, oinarrizko ideiak azpimarratuz. Ondoren, ideia horiek modu logikoan eta hierarkikoan aurkeztuko,dira eta baita testuko kontzeptuak ere; antolamendu horretan ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereizi beharko dira.
Halaber, testuko oinarrizko kontzeptuak argitu beharko dira, terminoak, aipamenak eta egoerak azalduz; izen bereziak, instituzioak eta termino teknikoak ere argitu beharko dira.

3. Iruzkina
Zatirik garrantzitsuena da, bertan azterketaren atalean adierazitako testuko ideiak garai horretako gertaera historikoekin erlazionatu beharko baitira. Ondorengo urratsak jarrai daitezke:
- Testuko gaia ulergarriagoa egiten duten aurrekariak aipatu,
- Testua bertan ageri den gai historiko orokorrarekin erlazionatu.
- Testuan adierazitakotik atera daitezkeen ondorioak adierazi.
- Testuaren egilea eta bere egoera pertsonala kritikatu.
- Testua beste iturri batzuen bidez gai horri buruz ditugun ezagupenekin konparatu.
Azkenik, garrantzitsua izango da gai orokorraren testuinguruan dokumentuak duen garrantzia baloratuko duen ondorio laburra eskaintzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario